XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): emakumeek emakume izateagatik uler dezaketen bidezidor bakarretik.

Emetasunaren eskubidea eta aukeraketa da Amaia Lasak bere paradisuetan ereini duen mezua.

Emakume eta gizon asko hezitzeko balio handiko hazia.

Tere Irastortza Tere Irastortzak bost liburu argitara ditu, bostak poema-liburuak.

Hasierako Gabeziak, Premio Nacional de la Crítica Literaria eraman zuena; Hostoak eta Gai eta gau aldaketak, biak batera publikatuak: batak R. M. Azkue saria irabazi zuen eta besteak aipamen berezia jaso; laugarren, Derrotaren fabulak, eta, azkenik, Osinberdeko Kantoriak: azken bi hauek Pamielak argitaratuak.

Nahiz eta liburu guztietarik erreferentziak hartu, azkeneko liburuan egingo dut geldialdirik handiena: Osinberdeko Kantoriak liburuaren azken aldean azaltzen diren zazpi poemak hartu ditut gaitzat, Tereren poemagintzan aldaketaren bat nabaritu dudalako eta, nolabait, gizonezkoari ematen zaion tratamendua pixkaren bat kanbiatzen delako.

Beste liburuetan ere balegoke zer aipaturik, gizonezko horiek maitasunaren, gabezien eta gauaren gaiekin oheratzen direnean.

Esan behar da, gainera, Tereren poemagintzaren osagarri ahanzgaitzak direla gai hauek.

Tere Irastortzaren poesian azaltzen diren gizonezkoez mintzatzera ausartzeko, poema erromantiko eta oparoak idatzi beharko genituzke; halere, ezer gutxi esango genuke, ezaguna bait da Tere Irastortzaren poesia barru-barrutik ateratzen den horietakoa dela, barne-barnetik irteten zaizkion ele birjinak, arrats-koloreko mutil eta gizonak.

Arrats-koloreko gizon edo mutil horiek aztarna nahastezinak laga dituzte Tereren poemagintzan.

Gorputz osoz ikusi ezin izanik ere, gorputz-puskak bista ditzakegu, edo idazkeragatik antzeman diezaiekegu (antzeman diodanean, zeragatik da; Gabeziak liburuan, adibidez, gizon baten edo batzuen gabeziak direlako liburuaren zutabe): gorputz osoz gutxitan agertzen badira ere, gorputz-pusketek gorpuzten dute gizonezko horren ausentzi-presentzia: poroak, ileak, begi nabarrak, eskuak, ahoa, arnasa, adatsa, etab.